Donostiako eskola batera laguntza eske joan
dira haur baten gurasoak. 7 urteko haurra beste eskola batean dabil,
eta nazkatuta dago etxerako lanekin. Maribi Gorosmendi Gipuzkoako
hiriburuko Amara Berri eskola publikoko ikasketaburuak kontatu du
gertatutakoa: biderkatzeko taulak etxean praktikatzeko agintzen zieten
haurrei, eta, «oso modernoak» zirenez, zenbakiekin egin beharrean,
meloiak marraztuta egiteko eskatzen zieten. Bi meloi bider bederatzi
egiteko, hemezortzi meloi marrazten ibili behar zuen haurrak. «Pentsa
zortziko taula egiteko!», esan du Gorosmendik. 7 urteko haur batek
halako etxerako lanak egiteko zenbat denbora behar duen, eta horrek
zertarako balio duen galdetu dio bere buruari.
Etxerako lanak
bidaltzea errutina da inguruko eskoletan. Beti egin dira, eta jendeak ez
ditu zalantzan jarri orain arte. Ikerketek erakutsi dute, ordea,
etxerako lanek askotan ez dakartela onurarik. Gainera, batzuetan kalte
ere eragin diezaiekete haurrei, gurasoei eta ikaskuntza prozesuari.
Etxerako
lanen inguruan doktore tesia argitaratu zuen Joxe Amiamak iaz. Denera,
hemezortzi ikastetxe, 723 ikasle, 454 familia eta 251 irakasle ikertu
zituen, DBHkoak. Ondorio interesgarriak atera zituen: esaterako, ez dago
harremanik ikasleek zenbat denbora ematen duten etxerako lanetan eta
gero lortzen dituzten emaitza akademikoen, hau da, noten artean.
Zergatia azaldu du ikertzaileak: etxean ez duzu irakaslearen sostengua.
Zer egin badakiten haurrek, azkar egiten dituzte ariketak, baina ez
dakitenak «bueltaka ibiltzen dira, denbora-pasan».
Matematika
etxerako lanen ikasgai izarra da gaur hemen, mundu osoan bezala. Baina
matematika bereziki zaila da etxean lantzeko, ez dutelako erdibiderik:
«Edo ulertzen duzu edo ez duzu ulertzen». Alferrikakoa dela, alegia,
beste ordubete ematea horretan.
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian
debekatuta daukate irakasleek Lehen Hezkuntzan etxerako lanak bidaltzea
haurrei. Gero, errealitatean, batzuek bidali egiten dituzte, eta guraso
batzuek greba egin behar izan zuten 2012. urtean horien aurka. Baina,
behintzat, araututa dago han gaia. Arauak daude Belgikan, Ingalaterran
eta AEBetan ere. Euskal Herriko Hegoaldean, eskola edo irakasle
bakoitzak erabakitzen du. Amiamak argi du: erregulatu egin behar dira,
legez.
Lehen Hezkuntzan (6-12 urte arteko umeak), ez da
horrenbesteko arazoa, irakasle batek, tutoreak ematen dituelako ikasgai
nagusiak. Baina, DBHn (12-16 urte artean), irakasle asko daude, eta
horietako bakoitzak ez daki aldamenekoak zenbat etxerako lan bidali
dituen eta noizko. Horietan ikaslek egiten dute erregulazioa, Amiamak
kontatu duenez. «Gelan matematikako irakasleak astelehenerako etxerako
lanak bidaltzen dizkienean, denak protestaka hasten dira Historiako
irakasleak beste lan bat bidali dielako». Amiamak dioenez, saihestu egin
behar da halako egoera. Irakasleek beraiek antolatu behar dute.
Gai tabuaEtxerako
lanen inguruko araurik ez dagoenez, bidezkoak ez diren egoerak
gertatzen dira: gela bateko haurrek etxerako lan asko dituzte, haien
irakasleek begi onez ikusten dituztelako, eta aldamenekoek ez dituzte,
horien aurkako irakaslea egokitu zaielako. «Ez da serioa», esan du
Amiamak.
Ohiturarena ezin da izan azalpen bakarra. Zergatik
bidaltzen dituzte irakasle modernoek etxerako lanak? Arazoaren
iturburura jo du EHUko ikertzaileak: curriculuma oso handia da. Gauza
asko sartu dituzte azken urteotan, eta ez dute ia ezer kendu. Irakaslea
estu dabil gai guztiak emateko. «Eta orduan zer egiten du? Eskolatik
atera material hori. Horregatik egoten da etxerako lan gehiago
ikasturtearen amaieran».
Ikertzaileak izan ditu harremanak
eskolekin, baina esan duenez, etxerako lanen gaia tabua izan da orain
arte, «heriotza bezala». Adimen Emozionalaren eskutik, berriz, heriotzaz
hitz egiten hasi dira eskoletan, baina etxerako lanen inguruan
isiltasuna izan da nagusi orain arte, eguneroko gaia den arren. Hainbat
eskolatan egin dituzte mugimenduak, baina, betiere «eskola ausartetan».
Haurrei
etxerako lanak ez bidaltzea erabaki duten eskola «ausart» horietako bat
da Donostiako Amara Berri ikastetxe publikoa. «Haize kontra joan gara,
pitin bat», esan du Maribi Gorosmendik. «Umeek ez dakite askotan
zertarako diren bidaltzen ditugun lan horiek, eta nazkatu egiten
ditugu». Denbora asko kentzen diete haurrei lanok, eta arazo iturri
izaten dira familian. «Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan. Gelatik
atera eta beste bi ordu egiteko eskatu behar diegu? Planteamendu hori
ez dago ondo. Haurrek bizi ere egin behar dute».
Amara Berrin ez
dira fundamentalistak, halere: lanak era sistematikoan eta egunero
bidaltzearen aurka daude. Ume batzuek beharra dute, arazoak dituztelako.
Horiekin plan berezi bat egiten dute.
Hezkuntza mundutik askotan
salatu izan da gurasoek irakasleen esku utzi dutela euren haurren
hezkuntza. Ez al dute balio etxerako lanek irakasle eta gurasoen arteko
zubia eraikitzeko? Gurasoek irakasleen rola jokatzea ez dutela nahi esan
du Gorosmendik. Gurasoek ardurak erakutsi behar dizkietela haurrei,
bai, baina etxeko ardurak, ez eskolakoak.
Ikastolen Elkartean ez
dute jarrera ofizialik gaiaren inguruan. Ikastola bakoitzak bere
politika erabakitzen du. «Ikerketek erakusten dute Lehen Hezkuntzan
etxerako lanen eragina ia hutsa dela», adierazi du Maria Galdeano
Ikastolen Elkarteko Hobekuntza Planen arduradunak. Haren aburuz,
gurasoen eta haurren arteko harremanari min egin diezaiokete etxerako
lanek, gurasoak ez direlako irakasleak eta ez dutelako zertan jakin nola
bideratu haurraren zailtasunak. Horrez gain, «bidegabeak» ere izan
daitezke: haur bakoitzaren familiaren egoera sozioekonomikoak eragina du
ikaskuntza prozesuan, eta hori larriagotzen da gurasoek irakasle lana
egin behar badute.
Euskal Herrian are nabarmenagoa da arazoa,
haur askoren gurasoak erdaldun elebakarrak direlako. «Guraso horiek ezin
dute parte hartu prozesuan».
Irakasleentzat ere arazo izan
daitezke. Amiamak «etxerako lanen gune grisa» kontzeptua azaldu ohi die
irakasleei: ez dute modurik jakiteko ikasleek ariketak nola egin
dituzten, edo nork egin dizkien.
Halere, guraso batzuek etxerako
lanak eskatu egiten dituztela adierazi du Gorosmendik, batez ere haurrak
koskortu ahala, gero DBHra heldutakoan ohituta egon daitezen. Ikastolen
Elkarteko Galdeanok dioenez, guraso askok eskola baten kalitatea
etxerako lan kopuruaren arabera neurtzen dute. Kanpoko presio horrek
zail dezake eskola batzuek horren inguruko erabakia hartzea.
Adimen emozionalaHaurren
adimen emozionalari asko erreparatu behar zaio, Gorosmendik dioenez:
edukiez gain, haurra harremanetan nola dagoen eta haren emozioak nola
dauden. «Gaizki dagoen ume batek ezin du behar bezala ikasi».
David Castrillo hezkuntza eta adimen emozionala gaian aditua da.
Beharrezkoak al dira etxeko lanak?
artikulua idatzi du. Lehen Hezkuntzako irakaslea da Barañaingo
(Nafarroa) Alaitz eskolan, eta han ikusi zuen bidaltzen zituen etxerako
lan kopururako aurrerapenak ez zirela handiak. Hark onartzen du
«inertziarengatik» bidaltzen zituela, «besteek horrela egiten zutelako».
Ikasturtearen amaieran galdetzen zion bere buruari: «Zama honek
guztiak zertarako balio du?». Neurozientziaren bidez jakin zuen gero
emozioetan eragiten dituzten gaiak askoz hobeto txertatzen direla
garunean. Etxerako lanen bidez, berriz, arriskua dago estresa sortzeko
haurrei, eta kalte egiteko hipokanpoan, oroimenaren gunean.
Euskal Eskola publikoaren aldeko Sortzen Ikasbatuaz elkartearen barruan, txostena prestatzen ari da Castrillo.
Etxerako lan berriak eskola berri batentzako
du behin-behineko izenburua. Urtarrilerako izan nahi dute prest, eta,
gero, eskoletara eraman. «Eztabaida piztu nahi dugu». Horretarako
funtsezko galderak jarri ditu Amiamak mahai gainean: «Igandeko
arratsaldeko zazpiak eskolako ordutegia da? Gustatu edo ez gustatu,
horretaz hitz egin behar da. Gure inguruko herriek hitz egin dute». Gaia
plazan dagoela adierazi du Galdeanok eta eztabaida ezinbestean etorriko
dela uste du. Nolako etxerako lanak da kontua.
Bitartean, etxe
bateko gela batean, haur bat egongo da marrazten. Ez jolasean, berak
nahi duena irudikatzen. Amaigabeak diruditen meloi lerroak egiten ari
da.