adimen emozionala

2016/02/16

Haurraren emaitzak goratzen ditugu “oso ondo” esaten diogun aldiro. Antzerako esaldiekin haurrak kanpoko ebaluazioaren berri jasotzen du. Adituen esanetan dependentzia sortzen du horrek. Haurrak ahalegina egingo du gehienbat besteen oniritziaren bila, eta oniritzi horrekiko dependentzia edo adikzioa sor daiteke.

Motibatzea da adorea ematea, laguntzea, babesa eskaintzea. Autonomia eta independentzia mailan eragiten du. Helburua da umeari erakustea baloratzen dugula bere ahalegina. Hala, ordezka dezakegu mekanikoki irteten zaigun “oso ondo” esaldia beste hauekin:

. Lortu duzu!
. Eskerrik asko!
. Zure ahalegina baloratzen dut.
. Badut konfiantza zugan!
. Ze iritzi duzu zuk?
. Pozik zaude?
. Nola sentitzen zara?
. Nola egin duzu, esan iezadazu…
. Irribarre egin (ez dakigunean zer esan eta goratzea saihestu nahi dugunean)
. Entzuten zaitut.
. Erakutsi didazu nola egin duzun?

Motibazioak onartu egiten du egindako ahalegina eta errespetua erakusten du. Onartu egiten zaio umeari egindako ahalegina. Horregatik autoestimua indartzen du motibazioak nork bere buruan duen konfiantza indartzen baitu.

Helduekin motibazioa erabiltzen dugu gehienbat: “Eskertzen dut zure laguntza”, “Eskerrik asko laguntzeagatik”… Erabil dezagun gehiago haurrekin.

2015/12/27


Bideo hau ikusi dut gaur goizean, gustatuko litzaidake zuek ere ikustea. Uste dut irakasle guztiok kontutan izan behar dugula.


https://www.youtube.com/embed/PQE4WqQSOcQ?wmode=transparent&utm_source=tiching&utm_medium=referral



Aupa. Aitziber Iza naiz, adimen emozionalari buruz blog bat egitea pentsatu dut. Irakasleak izan behar dugunez, kontutan izateko gai garrantzitsua dela uste dut.


Gipuzkoako txostenetik jarduera bat hartu dut:

JARDUERA:

Esaldiak bukatu:

Gorritzen naiz......
Bihotzean taupadak azkar sentitzen ditut.......
Eskuak, aurpegia, gorputza,....izerditan.....zaizkit.
Tripako mina jartzen zait...
Hitzik gabe gelditzen naiz.....
Burua makurtzen dut....
Eskuak eztutzen zaizikit.....
Kopeta zimurtzen zait....
Begiak guztiz irekitzen zaizkit....
Azazkalak jaten ditut.......


2015/12/06

Etxerako lanak eta adimen emozionala.

Donostiako eskola batera laguntza eske joan dira haur baten gurasoak. 7 urteko haurra beste eskola batean dabil, eta nazkatuta dago etxerako lanekin. Maribi Gorosmendi Gipuzkoako hiriburuko Amara Berri eskola publikoko ikasketaburuak kontatu du gertatutakoa: biderkatzeko taulak etxean praktikatzeko agintzen zieten haurrei, eta, «oso modernoak» zirenez, zenbakiekin egin beharrean, meloiak marraztuta egiteko eskatzen zieten. Bi meloi bider bederatzi egiteko, hemezortzi meloi marrazten ibili behar zuen haurrak. «Pentsa zortziko taula egiteko!», esan du Gorosmendik. 7 urteko haur batek halako etxerako lanak egiteko zenbat denbora behar duen, eta horrek zertarako balio duen galdetu dio bere buruari.

Etxerako lanak bidaltzea errutina da inguruko eskoletan. Beti egin dira, eta jendeak ez ditu zalantzan jarri orain arte. Ikerketek erakutsi dute, ordea, etxerako lanek askotan ez dakartela onurarik. Gainera, batzuetan kalte ere eragin diezaiekete haurrei, gurasoei eta ikaskuntza prozesuari.

Etxerako lanen inguruan doktore tesia argitaratu zuen Joxe Amiamak iaz. Denera, hemezortzi ikastetxe, 723 ikasle, 454 familia eta 251 irakasle ikertu zituen, DBHkoak. Ondorio interesgarriak atera zituen: esaterako, ez dago harremanik ikasleek zenbat denbora ematen duten etxerako lanetan eta gero lortzen dituzten emaitza akademikoen, hau da, noten artean. Zergatia azaldu du ikertzaileak: etxean ez duzu irakaslearen sostengua. Zer egin badakiten haurrek, azkar egiten dituzte ariketak, baina ez dakitenak «bueltaka ibiltzen dira, denbora-pasan».

Matematika etxerako lanen ikasgai izarra da gaur hemen, mundu osoan bezala. Baina matematika bereziki zaila da etxean lantzeko, ez dutelako erdibiderik: «Edo ulertzen duzu edo ez duzu ulertzen». Alferrikakoa dela, alegia, beste ordubete ematea horretan.

Frantzian eta Ipar Euskal Herrian debekatuta daukate irakasleek Lehen Hezkuntzan etxerako lanak bidaltzea haurrei. Gero, errealitatean, batzuek bidali egiten dituzte, eta guraso batzuek greba egin behar izan zuten 2012. urtean horien aurka. Baina, behintzat, araututa dago han gaia. Arauak daude Belgikan, Ingalaterran eta AEBetan ere. Euskal Herriko Hegoaldean, eskola edo irakasle bakoitzak erabakitzen du. Amiamak argi du: erregulatu egin behar dira, legez.

Lehen Hezkuntzan (6-12 urte arteko umeak), ez da horrenbesteko arazoa, irakasle batek, tutoreak ematen dituelako ikasgai nagusiak. Baina, DBHn (12-16 urte artean), irakasle asko daude, eta horietako bakoitzak ez daki aldamenekoak zenbat etxerako lan bidali dituen eta noizko. Horietan ikaslek egiten dute erregulazioa, Amiamak kontatu duenez. «Gelan matematikako irakasleak astelehenerako etxerako lanak bidaltzen dizkienean, denak protestaka hasten dira Historiako irakasleak beste lan bat bidali dielako». Amiamak dioenez, saihestu egin behar da halako egoera. Irakasleek beraiek antolatu behar dute.

Gai tabua

Etxerako lanen inguruko araurik ez dagoenez, bidezkoak ez diren egoerak gertatzen dira: gela bateko haurrek etxerako lan asko dituzte, haien irakasleek begi onez ikusten dituztelako, eta aldamenekoek ez dituzte, horien aurkako irakaslea egokitu zaielako. «Ez da serioa», esan du Amiamak.

Ohiturarena ezin da izan azalpen bakarra. Zergatik bidaltzen dituzte irakasle modernoek etxerako lanak? Arazoaren iturburura jo du EHUko ikertzaileak: curriculuma oso handia da. Gauza asko sartu dituzte azken urteotan, eta ez dute ia ezer kendu. Irakaslea estu dabil gai guztiak emateko. «Eta orduan zer egiten du? Eskolatik atera material hori. Horregatik egoten da etxerako lan gehiago ikasturtearen amaieran».

Ikertzaileak izan ditu harremanak eskolekin, baina esan duenez, etxerako lanen gaia tabua izan da orain arte, «heriotza bezala». Adimen Emozionalaren eskutik, berriz, heriotzaz hitz egiten hasi dira eskoletan, baina etxerako lanen inguruan isiltasuna izan da nagusi orain arte, eguneroko gaia den arren. Hainbat eskolatan egin dituzte mugimenduak, baina, betiere «eskola ausartetan».

Haurrei etxerako lanak ez bidaltzea erabaki duten eskola «ausart» horietako bat da Donostiako Amara Berri ikastetxe publikoa. «Haize kontra joan gara, pitin bat», esan du Maribi Gorosmendik. «Umeek ez dakite askotan zertarako diren bidaltzen ditugun lan horiek, eta nazkatu egiten ditugu». Denbora asko kentzen diete haurrei lanok, eta arazo iturri izaten dira familian. «Umeek ordu asko pasatzen dituzte eskolan. Gelatik atera eta beste bi ordu egiteko eskatu behar diegu? Planteamendu hori ez dago ondo. Haurrek bizi ere egin behar dute».

Amara Berrin ez dira fundamentalistak, halere: lanak era sistematikoan eta egunero bidaltzearen aurka daude. Ume batzuek beharra dute, arazoak dituztelako. Horiekin plan berezi bat egiten dute.

Hezkuntza mundutik askotan salatu izan da gurasoek irakasleen esku utzi dutela euren haurren hezkuntza. Ez al dute balio etxerako lanek irakasle eta gurasoen arteko zubia eraikitzeko? Gurasoek irakasleen rola jokatzea ez dutela nahi esan du Gorosmendik. Gurasoek ardurak erakutsi behar dizkietela haurrei, bai, baina etxeko ardurak, ez eskolakoak.

Ikastolen Elkartean ez dute jarrera ofizialik gaiaren inguruan. Ikastola bakoitzak bere politika erabakitzen du. «Ikerketek erakusten dute Lehen Hezkuntzan etxerako lanen eragina ia hutsa dela», adierazi du Maria Galdeano Ikastolen Elkarteko Hobekuntza Planen arduradunak. Haren aburuz, gurasoen eta haurren arteko harremanari min egin diezaiokete etxerako lanek, gurasoak ez direlako irakasleak eta ez dutelako zertan jakin nola bideratu haurraren zailtasunak. Horrez gain, «bidegabeak» ere izan daitezke: haur bakoitzaren familiaren egoera sozioekonomikoak eragina du ikaskuntza prozesuan, eta hori larriagotzen da gurasoek irakasle lana egin behar badute.

Euskal Herrian are nabarmenagoa da arazoa, haur askoren gurasoak erdaldun elebakarrak direlako. «Guraso horiek ezin dute parte hartu prozesuan».

Irakasleentzat ere arazo izan daitezke. Amiamak «etxerako lanen gune grisa» kontzeptua azaldu ohi die irakasleei: ez dute modurik jakiteko ikasleek ariketak nola egin dituzten, edo nork egin dizkien.

Halere, guraso batzuek etxerako lanak eskatu egiten dituztela adierazi du Gorosmendik, batez ere haurrak koskortu ahala, gero DBHra heldutakoan ohituta egon daitezen. Ikastolen Elkarteko Galdeanok dioenez, guraso askok eskola baten kalitatea etxerako lan kopuruaren arabera neurtzen dute. Kanpoko presio horrek zail dezake eskola batzuek horren inguruko erabakia hartzea.

Adimen emozionala

Haurren adimen emozionalari asko erreparatu behar zaio, Gorosmendik dioenez: edukiez gain, haurra harremanetan nola dagoen eta haren emozioak nola dauden. «Gaizki dagoen ume batek ezin du behar bezala ikasi».

David Castrillo hezkuntza eta adimen emozionala gaian aditua da. Beharrezkoak al dira etxeko lanak? artikulua idatzi du. Lehen Hezkuntzako irakaslea da Barañaingo (Nafarroa) Alaitz eskolan, eta han ikusi zuen bidaltzen zituen etxerako lan kopururako aurrerapenak ez zirela handiak. Hark onartzen du «inertziarengatik» bidaltzen zituela, «besteek horrela egiten zutelako». Ikasturtearen amaieran galdetzen zion bere buruari: «Zama honek guztiak zertarako balio du?». Neurozientziaren bidez jakin zuen gero emozioetan eragiten dituzten gaiak askoz hobeto txertatzen direla garunean. Etxerako lanen bidez, berriz, arriskua dago estresa sortzeko haurrei, eta kalte egiteko hipokanpoan, oroimenaren gunean.

Euskal Eskola publikoaren aldeko Sortzen Ikasbatuaz elkartearen barruan, txostena prestatzen ari da Castrillo. Etxerako lan berriak eskola berri batentzako du behin-behineko izenburua. Urtarrilerako izan nahi dute prest, eta, gero, eskoletara eraman. «Eztabaida piztu nahi dugu». Horretarako funtsezko galderak jarri ditu Amiamak mahai gainean: «Igandeko arratsaldeko zazpiak eskolako ordutegia da? Gustatu edo ez gustatu, horretaz hitz egin behar da. Gure inguruko herriek hitz egin dute». Gaia plazan dagoela adierazi du Galdeanok eta eztabaida ezinbestean etorriko dela uste du. Nolako etxerako lanak da kontua.

Bitartean, etxe bateko gela batean, haur bat egongo da marrazten. Ez jolasean, berak nahi duena irudikatzen. Amaigabeak diruditen meloi lerroak egiten ari da.

2015/11/08

ZER DA ADIMEN EMOZIONALA?

Norbere emozioez jabetzea da, horiek identifikatzea eta ulertzea; baita besteenez jabetu eta haiek identifikatzea ere.
Gure bizitza eta lana helmuga pertsonaletan (ametsak) oinarritzea da, nork bere burua motibatzea eta besteekin harreman emankorrak izatean datza (elkarbizitza).
Duela urte batzuk arte, pertsonaren adimenaz hitz egin denean, adimen kozienteaz hitz egin denean, bi adimen mota hartu izan dira kontuan: hizkuntzarako adimena eta logika-matematikarako adimena. Beraz, orain gutxi arte, bi adimen mota horiek baino ez dira kontuan izan pertsonaren “inteligentzia” baloratzeko.
Gaur egun, ordea, azken teoria eta ikerketa guztiak kontutan izanda, Howard Gadner-en ”Adimen Anitzen Teoria” batik bat, argi gelditu da pertsonak ez duela adimen mota bat bakarrik. Ikerketek frogatu dutenez, pertsonak beste adimen mota batzuk ere izan ditzake eta bere bizitzan zehar arrakasta izateko pertsonak trebetasun edo-eta adimen desberdin horiek behar-beharrezkoak ditu.